Edateko ura iraunkorra (Santa Rosa, Perú)

  • Definizio:
    EDATEKO URA ETA SANEAMENDU IRAUNKORRA SANTA ROSA LANDA-HERRIARENTZAT proiektua

  • Lekua:
    Santa Rosa, Departamento de Huancavelica (Perú)

  • Testuingurua:
    Pobrezia gorria, osasungaiztasuna, haurren heriotza-tasa.

  • Erakundea:
    SERVICIOS EDUCATIVOS RURALES (SER)

  • Proiektua:
    Grabitate bidezko edateko urarentzako sistema bat eta zulo lehor aireztatua duten 42 komun eraikitzea

 

LEKUA

 

Santa Rosa herria, 38 familia dituena (210 biztanle), Anco barrutiko landa-eremuan kokatua, Churcampa probintzian, Huancavelica departamenduan.


TESTUINGURUA

 

Huancavelica muturreko pobrezia gehien duen Peruko departamenduetako bat da.

Arazo nagusiak:

  • Familien % 8k edateko uraren hornidura-sareak erabiltzen dituzte erabilera publikoko asken bitartez.

  • Gainerako % 92ak ubideak, iturburuak eta beste iturri batzuk erabiltzen ditu.

  • Etxebizitzen % 93k ez du komunik.

  • Hondakinen (zaborra) ezabaketa desegokia.

  • Etengabeko infekzio-guneak daude eta horiek kalteak eragiten dituzte biztanleen osasunean; arnasketa-infekzio akutuak (AIA) eta beherako-gaixotasun akutuak (BGA) dira, hain zuzen, haurren artean heriotza eta erikortasuna sortzen duten arrazoi nagusiak.



ERAKUNDEAK

 

SERVICIOS EDUCATIVOS RURALES ERAKUNDEA (SER) irismen nazionaleko irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua da, 1980an sortua.

SER erakundea garapena eta herritartasuna sustatzera xedaturik dauden ekintzak eta proposamenak gauzatzen dituzten profesional eta adituek osatzen dute.

SER Erakundeak herritar, udal, gizarte-elkarte, GKE, eta tokiko, eskualdeko eta/edo nazioko erakunde publiko eta pribatuekin batera lan egiten du.

(ikus www.ser.org.pe)


PROIEKTUA

 

Grabitate bidezko edateko urarentzako bi sistema eraikitzea, tratamendurik gabe; horretarako 40 etxebizitza-konexio instalatuko dira banaketa-sarearen aurrean dauden etxebizitza eta lokal publiko guztietara. Konexio bakoitzaren amaieran garbitoki bat eta dagozkion balbulak eta osagarriak egongo dira.

Iraizkinak ezabatzeko, zulo lehor aireztatua duten 42 komun eraikitzea aurreikusi da; horretarako, eremurako egokia izango den material batez osatutako etxetxo bat, hormigoi armatuzko lauza sanitarioa, sekzio angeluzuzeneko zulo bat eta dagokion aireztapen-hodiak jarriko dira.

Uraren eta saneamenduaren arazoari buruzko ikuspuntu orokor bat kontuan hartuta lan egingo dugu; horretarako, esku-hartze bateratuko estrategiak txertatuko dira azpiegituraren alderdi teknikoak, gizarte-alderdiak (trebakuntza egoki baten bitartez) eta erkidegoari eskaini beharreko hezkuntza teknikoa aintzat hartuta, betiere inbertsioen eta zerbitzuen iraunkortasuna lortzeko.

Ur- eta saneamendu-zerbitzuen urritasuna da, hain zuzen ere, familien infekzio-arrazoi nagusietako bat, haurren artean batik bat, horiek erraz hartzen baitituzte beherako- eta parasito-gaixotasunak.


Proiektuak gizon, emakume eta haurren bizi-kalitatea hobetzen lagunduko du honako alderdi hauen bitartez:


  • Edateko uraren estaldura hobetzea pobrezia gorrian bizi diren biztanleak dituzten landa inguruneetan.
  • Ur segurua kontsumituz premia fisiologikoak asetzea, nahi den kantitatean eta kalitatean.
  • Zulo lehor aireztatuko komunak eraikiz landa-etxebizitzen egoera hobetzea.
  • Ura eskuragarri izanda, etxeetan eta lokal publikoetan garbitokiak instalatuta, eta osasun-ohitura hobeak geureganatuta, norbanakoaren eta familiaren higienea hobetzea.
  • Gaixotasun infektagarri eta kutsakorrak murriztea.
  • Etxean edateko ura eskuragarri izateak eragiten duen denbora-aurrezpena; horren eraginez, emakume eta haurrek denbora gehiago dute, eskualdean horiek arduratzen baitira batez ere jarduera horretaz.
  • Iraizkinak eta hondakin solidoak behar bezala garbituta gune infektagarriak ezabatzea.
  • Ingurumena zaintzeko herritarren sentikortasuna.

 

Proiektuak ez ditu ondorio negatiboak eragingo inguruneko ekologian, eraikuntza-prozesuan eta sistemaren desinfekzioan ez baitira gai toxikoak erabiliko. Aitzitik, proiektuak bertako biztanleen osasuna hobetzen lagunduko du oro har.

 

Honako ingurumen-inpaktu hauek izango ditu proiektuak:

 

  • Lurzorua eta Geologia: Ez du ingurumen-inpaktu garrantzitsurik izango, lur-eremuek ez baitute aldapa handiko mendi-hegalik eta lur-mugimenduak oso txikiak direlako.
  • Flora eta Fauna: Proiektuak ez du iraungipen-arriskurik eragingo ez basoko faunan ezta floran ere.
  • Ura: Iturburuko ura biztanleen edateko uraren hornidurarako bakarrik erabiliko da. Ur-bilketak behar bezala babestuko dira uraren kalitate eta kantitate egokia mantentzeko helburuarekin. Ur-iturrien eta horien inguruen zaintza bultzatuko da.
  • Paisaia: Ez da zuhaitzik moztuko edo paisaia hondatuko.
  • Kultura: Proiektua gauzatuko den bidean ez dago gune arkeologikorik.
  • Eraikuntza-lanak: Ez die kalterik eragingo ez ingurumenari, ezta ura bideratu eta banatzeko sareak kokatuko diren lur-eremuen jabeei ere; ur-bilketarako lan, presioa hausteko ganbera, balbula-kaxa, urmael eta antze-lanen kokapenak ere ez dute kalterik eragingo.
  • Baliabide naturalen erabilera: Baliabide naturalen erabilerak, hau da, hormigoiak, harea larriak, harea xeheak eta harri txikituak, ez du ingurumenean kalterik eragingo.